XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II. EUSKAL HERRIKO HIZKUNTZA-POLITIKEN ERAGINKORTASUNARI BURUZKO AZTERKETA

EAEn eta Nafarroan euskara biziberritzeko taxututako hizkuntza-politiken esparru luze-zabala kontuan, lurralde horietan egin da ikerketa demolinguistiko eta soziolinguistiko gehien euskarak gaztelaniari begira duen tokia neurtzeko: ugariak izan dira indarrean dauden hizkuntza-politiken eraginkortasuna aztertzeko, gizabanakoek zein gizarteko elkarte-erakunde desberdinek eta herri-aginteek egin dituzten ahaleginak.

1989an, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko Soziolinguistikazko I. Mapa argitaratu zuen 1986ko zentsuko datuetan oinarrituta.

Emaitzak oso argigarriak izan baziren ere, Soziolinguistikazko Mapak erakutsi zuen euskararen ezagutzaren eta erabileraren gaineko azterketa zehatzagoa eta dinamikoagoa behar zela, aurrera begirako hizkuntza-politiken ildo nagusiak finkatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan ez ezik, baita Nafarroan eta Iparraldean ere.

Hortaz, 1991n Soziolinguistikazko Inkesta zabala egin zen Euskal Herri osoan: Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean.

Inkesta horren inguruko emaitzak 1995ean argitaratu ziren Euskararen Jarraipena izenburupean.

Euskarazko irakaskuntzak Euskal Herriko gazte eta helduen euskara-gaitasunean eta erabileran izandako eragina bigarren soziolinguistikazko ikerketan neurtu zen, 1996an egindako inkestan hain zuzen.

Bigarren inkesta hori Eusko Jaurlaritzak burutu zuen Nafarroako Gobernuaren eta Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearen lankidetzaz, Europako Batzordeak babesturik.

Emaitzak 1997an kaleratu ziren Euskararen Jarraipena II izeneko argitalpenean.

Emaitzok erakusten dutenez, euskara biziberritzeko hizkuntza-politikako neurriek ondorio onuragarriak izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, neurri txikiagoan bada ere, baita Nafarroan ere.

Inkesta berak, berriz, agerian jarri du Iparraldean euskara jasaten ari den etengabeko galera bortitza.

Oro har, EAEko eta Nafarroako gobernuek bultzatutako soziolinguistikazko ikerketak euskararen aldeko hizkuntza-politikak gauzatzeko duten borondatearen erakusgarri dira.

Frantziako Gobernuak, ostera, 1992an aldarrikatu berri du frantsesa dela Frantziako hizkuntza ofizial bakarra.

Espainiak ez bezala, ez du izenpetu Hizkuntza Gutxiengotuen aldeko Europako Ituna.

Euskara biziberritzeko hizkuntza-politikako neurriek ondorio onuragarriak izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, neurri txikiagoan bada ere, baita Nafarroan ere. Aitzitik, Iparraldean euskara jasaten ari den etengabeko galera bortitza begi-bistakoa da.